MINTZAKIDEA MINTZARAZI:Jack Nicholson

31 05 2010

«Bihotza behar dugu mintzarazi, lagun maiteok»
Bernard Larregi
Testamen çaharreco eta berrico historioa (Baiona, 1775)

***

Jack Nicholsonek zinean egin zuen lehen lana Tom eta Jerryren jarraitzaleen gutunei erantzutea izan zen

Oso gaztetatik, Jack Nicholsonek aktore izan nahi zuen. Beraz, institutua utzi zuenean, Hollywoodera joan zen bizitzera, zinemaren munduan arrakasta izateko asmoz… baina bere hastapenak ez ziren errazak izan. Hollywoodera iritsi bezain laster, Metro Goldwyn Mayer produkzio etxean lan egiteko kontratua lortu zuen, baina ez aktore bezala lan egiteko. Animazio saileko bulego batean jarri zuten, eta Tom eta Jerry marrazki bizidunetako pertsonaien jarraitzaileen gutunei erantzutea zen bere lana. Egia esan, ez zen Hollywoodera joan zenean Nicholsonek zuen ametsetako lana, baina behintzat New Jerseyko lagunei zineman lan egiten ari zela esan ziezaiekeen. Lan horretan, Jack Nicholsonek astea 30 euro irabazten zituen. Diru hori ongi etorri zitzaion, bigarren mailako filmetan paper txikiak lortzen zituen bitartean. Urte asko, eta pelikula asko pasatu ziren Nicholson egun den izarra bilakatzeko. Eta bere soldata asko igo da, izan ere orain batezbesteko hamar milioi dolar irabazten ditu pelikulako.





MINTZAKIDEAK MINTZATI: Windows sistema eragileak euskeraz!

28 05 2010

«Begira ene mihi minzatia, begira ene erraietatik zer irtengo den gero»
Silvain Pouvreau
San Frances de Sales Genevaco ipizpicuaren Philotea (Paris, 1664)

***

Hara! Geure ordenagailuen erraietatik ere atera daitekeena! Windowsek baditu bere sistema eragileak zein officea euskaratzeko “partxeak”, debaldekoak eta instalatzeko errazak. “Language Interface Pack” (LIP) izen generikoa dute eta izen hori pikatze hutsarekin lortuko duzu internet bitarteko lotura egitea…debalde deskargatzeko!!! Anima zaitez eta ordenagailu aurrean ematen dituzun orduak ere euskaraz eman itzazu. Gainera, horrelako kontuetan, zenbat eta erabiltzaile gehiago izan, errazagoa izango dugu geuretzako produktuak sortzea.





Bilboko Castaños Udaltegia

26 05 2010

MINTZAKIDE programan parte hartzen ari zaretenontzat eta hobe ezagutu nahi duzuenontzat, ekainaren 3an, arratsaldeko 19etan, Bilboko Castaños Udaltegian (izen bereko kalean) Julian Iantzi izango duzue. Zuekin hitz egiteaz gain, opari banaketa izango dugu eta luntxa izango da zatozten guztiontzat. Eskertuko genizueke mintzakide@ulibarri.org helbide elektronikoan baieztatzea etorriko zaretela. Ostegun arratsalde atsegina izango delakoan, laster arte!





MINTZAKIDEEN MINTZAIRA: Domingo Agirre

26 05 2010

«Begira oroz gainetik gure mintzaira, eskuara»
Jean Barbier
Supazter chokoan (Baiona, 1922)

***

Oarkera batzuk itzaurrea legez

Bizkaiko euskeran da itxasaldeko ekandu edo oiturak gogoan ditudala, ipuintxu bat esaten edo lan urri ezkeltxu bat egiten asten naz, irakurlea; ta zu, goierritarra bazara, txorierrian edo lurbarruan jaio ta bizi zareana, ezteustazu ezer ulertuko, ta bear bada nire euskerea eztala euskerea esaten jardungo dozu.
Baña ori ezta egia izango. Goierrian esaten eztozuezan itz asko daukez beterrikoak, eta itxasondoan ostera zuek egunero aoan daukazuezan itz eder asko, garbi garbiak eta guztiok ondo gorde bear gendukezanak, aspaldietan azturik dagoz.
Batzuk eta besteak gogoratu ta ikasi bear ditugu, ta ez urruindu ta bazterrera bota, geureak eztiralata beste barik….





MINTZAKIDEA MINTZARAZI:Alfred Hitchcock

24 05 2010

«Bihotza behar dugu mintzarazi, lagun maiteok»
Bernard Larregi
Testamen çaharreco eta berrico historioa (Baiona, 1775)

***

Alfred Hitchcockek ez zuen zilborrik

Diotenez, Psicosis filmaren zuzendariak gaztetan galdu zuen zilborra, sabelaldean ebakuntza egin ziotenean. Antza denez, operaziorako ebaketak zilborrean egin zizkioten eta, ebaketok orbaindu zirenean, zilborra desagertu egin zen. Hitchcocken zilborrari buruzko pasadizoa hain da harrigarria, ezen askok pentsatzen duela hiri-kondaira dela. Baina, zinegile honen bizitzan egiazkoak diren eta hiri-kondairak diruditen beste hainbat xehetasun daude. Adibidez, berarekin lan egiten zuten emakumezko aktore politei tratu txar psikologikoak ematen zizkien, beraiekin sexu harremanak izan nahi zituelako eta bazekielako, bere fisikoarekin ez zuela inoiz lortuko. Beste xehetasun kezkagarri bat: Hitchcock itotzearekin obsesionatuta zegoen. Bere 17 pelikulatan itotzeak azaltzen dira. Suspensearen Magoak aitortu zuen berak gustokoen zuen hiltzeko modua zela. Gainera, zinegilea sarritan azaltzen zen argazkietan norbait itotzen ari zenarena egiten, baita familiako argazkietan ere!





MINTZAKIDEAK MINTZATI: Googlek euskaratik eta euskarara itzuli!

21 05 2010

«Begira ene mihi minzatia, begira ene erraietatik zer irtengo den gero»
Silvain Pouvreau
San Frances de Sales Genevaco ipizpicuaren Philotea (Paris, 1664)

***

Googlek euskararako prestatu du bere “GTranslate”, itzulpenetarako aplikazioa

Googlek joan den astean beste bost hizkuntza gehitu zituen “Google Translate” itzulpen-zerbitzuan. Oraindik ere Alpha egoeran dago (garapen fasean), baina euskara ere hor dago, munduko beste 56 hizkuntzarekin batera.
Google markaren sareko itzulpen zerbitzua da eta garapen fasean dituen hizkuntzen itzulpenak oraindik beste hizkuntzetan bezain zehatz eta zuzenak ez diren arren, euskara hor dugu, interneten erabilita, munduko beste 56 hizkuntzetan ulertu ahal izan gaitzateneko bidea zabalik.
Hori dela eta, hurrengo hilabeteetarako hobekuntzak aurreikusten dituzte Alpha egoera hori gainditzeko (orain hilabete batzuk ere Persiera Alpha egoeran argitaratu zuten arren, dagoeneko kendu diote “Alpha” hori). Norberak ere lagundu dezake tresna hobetzen, itzulpen okerrak aurkitu ahala garatzaileei jakinaraziz.





MINTZAKIDEEN MINTZAIRA: Juan Luis Zabala

19 05 2010

«Begira oroz gainetik gure mintzaira, eskuara»
Jean Barbier
Supazter chokoan (Baiona, 1922)

***

Arrats Beheran

— Ertzaintza! —atera zitzaion barren-barrenetik oihua Lauaxetari, bera eserita zegoen bankura gerturatzen ari zen ertzain-autoaren kanpoaldeko errotuluei harriduraz begira.
Inork ez zuen entzun oihua. Ingurura begiratu eta, bere burua kontrolatuz, barrenerako gorde zituen hasierako harridura-kolpearen ondorengo adierazpenak: “Guk asmatutako berba jaukak agerian autoak! Eta matrikula be ertzainena dok, geure ertzainena! Geureak dozak horreek, geureak! Ertzainak nagusi kalean, alajainkoa! Ez gintzuazan alferrik hil! Irabazi egin ete genduan ba azkenean guda? Euzkadi azke ete da?”
Nahiz eta ezer esan ez, ertzain-autoari begira-begira geratu zitzaion Lauaxeta, eta txoferrak susmo gaiztoz begiratu zion aldamenetik pasatzean.
Harrituago utzi zuen Lauaxeta polizien ibilgailuko errotuluak bere bat-bateko berpizte ustekabekoak baino. 1937an hila zen, gogoan zituen Gasteizko hilerriko fusilamenduko xehetasunak. Orain, ezerezetik bat-batean jalgia, ezkutuko indar batek heriotzaren ilunpeetatik biziaren argira itsumustuan erauzia, plaza bateko bankuan eserita berpiztu berria zen, gerra aurreko traje dotorez jantzita, gorbatadun eta betaurrekodun, baina fusilatu zutenean





MINTZAKIDEA MINTZARAZI: Russell Crow

17 05 2010

«Bihotza behar dugu mintzarazi, lagun maiteok»
Bernard Larregi
Testamen çaharreco eta berrico historioa (Baiona, 1775)

***

Russell Crowek bizikletaz desafioa egin zion kazetari bati

Annette Sharp zutabegileak sasoi onean ez egotea eta buruan erretzea eta takoak jatea besterik ez izatea egotzi zion Russell Croweri. Egia da Gladiator filma egin zuenetik kilo batzuk hartu zituela, baina Daily Telegraph egunkari australiarrean kaleratu zuten informazioa ez zuen batere ondo hartu: bizikleta gainean erretzen eta takoak jaten atera zuten. Kritikari erantzuteko, aktorearen laguntzaileak kazetariari deitu zion, aktorearen izenean, eta bizikleta hartuta aktorearekin joateko gonbidapena egin zion. Crowek 20,3 kilometroko lasterketaren desafioa irabazi zuen eta horrela konpondu zen bien arteko haserrealdia.





MINTZAKIDEAK MINTZATI: Kerman mintzakide bila!

14 05 2010

«Begira ene mihi minzatia, begira ene erraietatik zer irtengo den gero»
Silvain Pouvreau
San Frances de Sales Genevaco ipizpicuaren Philotea (Paris, 1664)

***

Otsailaren 1ean hasi zen ‘Kerman mintzalagun bila’ bideo-esketxen emisioa EiTBren hiru kateetan eta eitb.com-en. Ordutik, astelehenetik ostiralera, egunero atal berri bat ikusteko aukera izan dugu. Bada, gaurtik aurrera, horretaz gain, HABEren ikasbil.net atarian Kerman protagonista duten bideoen gaineko lanketa didaktiko propioa aurkituko dute erabiltzaileek hainbat ataletan banatuta: lexikoa, ulermena, gramatika, funtzio komunikatiboak eta ahozkotik idatzirako aldeak nabarmenduko dituzten sailak, hain zuzen ere.
Horretaz gain, bideo-esketx bakoitzaren transkripzioa eskainiko du atariak, entzun bitartean, aurretik edo ondoren, testua irakurri ahal izateko.
Kermanek dioen moduan, badakizue: ‘Honekin edo harekin, baina egin!





MINTZAKIDEEN MINTZAIRA: Kirikiño

12 05 2010

«Begira oroz gainetik gure mintzaira, eskuara»
Jean Barbier
Supazter chokoan (Baiona, 1922)

***

Ebaristo Bustintza, Kirikiñoren (1866-1929) “Abarrak” (1918) liburuaren hitzaurretik:
“Irakurgaitxu oneik be gogo askotan sortu leye euzkeraz irakurteko zaletasuna. Txikijak, meiak, arin-ariñak, errazak, barru gitxidunak, geyenak barre batzuk eragitekuak ixanik, euzkeraz irakurten bape zalia eztanak onakoxiak atsegiñez artu leiz, ta eurok, abarrak lez, bere goguan sua biztu.
Euzkera ziatzaren zalia ba’zara, urrian sarri musturra okertuko dozu irakurgaitxu oneitan aurkituko dozuzan erderatiko itz ugarijak ikusita; baña…”








Follow

Get every new post delivered to your Inbox.